Alejandro Cao de Benos-ekin elkarrizketa ARGIA astekarian

“Kapitalismoari ‘oihana’ deitzen diogu: jendeak jendea jaten duen lekua”

Astekari osoa PDF formatuan (12,6 MB)

Ipar Korearentzat lan egiten duen mendebaldar bakarra da Alejandro Cao de Benós (1974, Tarragona). Zehazki, Nazioarteko Harreman Kulturaletarako Delegatu Berezia. Anguitaren buruzagitzapeko Ezker Batuan militatu zuen gaztetan eta orain Koreako Lanaren Alderdiko kide da. Edonork ezin du jantzi bihotzean iltzatua daraman intsignia, bandera gorria Kim Il Sung eta Kim Jong Il lider zenduen erretratuekin, herriarentzat egindako lanaren kondekorazioa baita.

oier-aranzabal

“Korea bere duintasuna eta subiranotasuna babesteko asmoz dago itxita, ez beste herriekin harremanik ez izateko”.

Ipar Korea herrialde zeharo itxia da, bizi duen egoera medio. Herrialdea inoiz zabalduko da?

Korea beti dago munduko beste herrialdeekin hartu-emanak izateko prest. Bere duintasuna eta subiranotasuna babesteko asmoz dago itxita eta ez beste herriak ez ezagutzeko edo harremanik ez izateko. Gutxika-gutxika, jendea geroz eta gehiago hurbiltzen zaigu eta aldaketarik izango da zentzu horretan. Gertatzen da jendeak “aldaketa” edo “irekitze” kontzeptuak askotan kapitalismora bihurtzearen esanahiarekin darabiltzala. Hori ez da nehoiz gertatuko. Nik uste, gehiago da mendebaldea Koreara hurbiltzen ausartzen ez dena, kontrakoa baino.

Nazioarteko Harreman Kulturaletarako ordezkaria zara eta Korea AEBekin gerran dago ofizialki. Beldurrik sentitu duzu inoiz?

Nire posizioak arazo mordoa ekarri dit, noski. Hainbeste dira Korearen inguruan hedatu diren gezurrak, ezen herrialdearekin lotzen den edozeren edo edonoren izena zikindua geratzen baiten. Arazoak izan ditut txikitako lagun askorekin, uste baitzuten giltzaperatuko zituztela nire lagun izate hutsagatik. Hiru lantokitatik bota naute nire ideiengatik. Sistemaren aldetik sekulako presioa jasaten dut gainera, etengabe miatzen dituzte nire fardelak aireportuetan. Baina beldurra ez dut sekula sentitu. Izua aldean, hobe duzu ideien borroka alde batera uztea. Munduan beste inork lortu ez duen posiziora iritsi banaiz, beldurrik izan ez dudalako da.


Bi estatutan banatutako nazioa izanik bateratzea da Korearen helburu nagusietarik bat. Zer egoeratan da balizko bateratze hori?

Orain oso zaila da bateratzea. 2000tik 2007ra hainbat akordio sinatu ziren, bi sistema izango lituzkeen errepublika konfederala ardatz. Korearren gehiengoaren babesarekin. Ideologiekiko errespetutik abiatuta, gainontzeko guztian kolaboratzeko konpromisoa sinatu zen. Tamalez, Park Geun-hye, Park Chung-hee diktadorearen alabak, hori guztia suntsitu du. Azkena Kaesong industrialde partekatuaren itxiera izan da, duela hiru hilabete inguru, milaka iparraldeko zein hegoaldeko korearri lana ematen zion proiektua.


Banaketak, mugak eta batez ere gerrak eragin zuzena izan du kultura korearrean. Nolako bilakaera eduki du bi estatuetan?

Iparraldean berezko kultura mantentzen da, atzerriko eraginik ez duena. Hegoaldean aldiz, AEBetako kulturak sekulako eragina izan du. K-Popa (Korean Pop) da nagusi: estatubatuar poparen bertsio bat, baina ekialdeko aurpegiekin, eta Seulek duen adierazpen kultural famatuena break dance-a da. Atera kontuak. Gazteek amerikar kulturaz den-dena dakite eta aldiz, korear kulturaz deus ez. Hizkuntza ere apurka galtzen ari dira, eta hori lazgarria da nazioarentzat. Hala ere, sinisten dugu oraindik batasuna posible dela.


Korearrak zer daki mendebaldeko kulturaz?

Ezagutzen dute On Kixote, eta Espainiako gudu zibila. Baina, batez ere, badaki nolakoa den “oihana”. Guk kapitalismoari “oihana” deitzen diogu, “jendeak jendea jaten duen lekua”. Korearrak Madrilera ekarri ditudanean, beldurtu egin izan dira. Shock bat da haientzat, ikusten baitute guztiagatik ordaindu beharra dagoela. Baita komunera joateko ere.


Korea bisitatzen duten kazetari eta turistek etengabe gidari bat dute aldamenean. Gobernuak izugarrizko kontrola ezartzen du kanpotarrekiko. Zergatik?

Bai, hala da. Guretzat Korea gure etxea da. Familia bat gara. Prostituziorik eta drogarik gabeko herrialdea da eta ez dugu halako arazoak etxean sartzerik nahi. Atzerritarrak gidari batekin doaz beti, ez baitakigu zeintzuk diren haien benetako asmoak. Hedabideek kazetariak infiltratzen dituzte, turista gisa, gero erreportaje sentsazionalistak publikatzeko. Horregatik hartzen ditugu neurriak.


Kazetariei aske ibiltzen uzteak, errealitatea kontrastatzeko ikuspegiak argitara emanaz, ez luke manipulazioa ebidentzian utziko?

Guztiz kontrakoa. Kazetariek, esan dudan bezala, monumentu batean argazkia ateratzen dute eta gero esaten dute kontzentrazio esparru batean egon direla. Kazetari hori ez da Piongiang hiriburutik atera, baina Nampo, Wonsan eta Haeju eskualdeez idazten du, CIAk esaten duena literalki kopiatuz. Orain hori gertatzen bada, zer gertatuko da ateak zeharo zabalduz gero?


Demokrazia nola ulertzen da Korean?

Demokraziak esan nahi du herriak duela boterea. Beren erregimena demokratatzat duten herrialde kapitalistetan zeharo kontrakoa da. Korean herriak du produkzio bitartekoen eta jabego guztiaren kontrola eta jendarte osoaren onurarako darabil, modu kooperatiboan. Hori oinarritzat hartuta, bost urtero Herri Asanblada Gorenerako 687 delegatuak hautatzen ditu herriak. Sufragio unibertsalaz, 17 urtetik gorako herritar guztiek dute hauteskundeotara aurkeztu edo bozkatzeko aukera.


Liderren uneoroko gurtzak eta 1948. urtetik estatuburu guztiak familia berekoak izatea demokrazia da?

Liderrekiko maitasuna, pasioa eta nonahiko lider gorenen irudia korearren idiosinkrasiarekin bat dator. Korean familiaren batasunak berebiziko garrantzia du. Familiaren mikrokosmosa gizartearen makrokosmosera orokortzen da, non gure liderra baiten aita. Jendartearen batasuna ahalbidetzen duen grabitate zentroa. Figura paternalista dela ezin uka. Baina kontuz! Inolaz ere ez da autoritarioa.

Korear aita
“Nire lehen korear aita Koreako delegatua zen Madrilen, Espainiarekin harreman diplomatikorik ez zegoenean. Orain ministroa da errepublikan. Gaztetxo nintzela korearren filosofiak zur eta lur utzi ninduen eta filosofia hori herrialde osora orokortu daiteke. Oro konpartitzea, denok batera helburua erdiesteko”.

argialogo

Esta entrada fue publicada en Alejandro Cao de Benós, KFA, KHED DPRK RPDC. Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s